Masailak gorrituta zituela iruditu zitzaigun eta erditik apurtu egingo zela. Amona zahar bat zirudien, ahula bezain jakintsua eta segituan ulertu genuen kontu handiz artatu behar genuela.

XVI mende hasierako baserri errenazentista ataripeduna da Zierre eta harro erakusten ditu garai hartako ezaugarriak pieza bakarreko pilareetan, buru poliedrikoa duten zurezko zirietan, altxaerako lau errezumetan eta enararen hegal forma duten mihiztaduretan.

Zierre baserriaren egurrezko egitura osatzen duten pieza guztiak, mihiztaturik, elkarturik daude, hezurdura konplexu eta bakarra sortuz. Guk egurrezko zuraje guztia mantendu eta indartu egin dugu baina, lehenik, arteztu egin behar izan genuen, aurrerantz okerturik baitzegoen. Artezte prozesua ez zen erraza izan eta egurraren intziria ere entzun genuen, erreumazko hezurdura gogortua bere onera eramatean.

Familia bakarreko baserria izan da Zierre eta halaxe bizigarritu dugu. Etxebizitzari dagokion programa aurrealdean garatu dugu, beheko solairuan, lehenengoan eta teilatupekoan. Atzealdean, teilatuan irekitako beirazko eremu zabalak argitzen duen espazio diafanoa eraiki dugu, zorutik teilaturainoko altuera emanez.

ZIERRE BASERRIA
Kortezubi, Bizkaia
DATA
2018
BURUTURIKO LANAK
Obra integrala