Eraikina Lea ibaia ikusteko lepoa luzatu nahian dabilela dirudi, maldan behera erortzean, harrizko esku-hormak lurrean jarri dituela.
Harrizko altxaerek osatzen dute Bidebitarteren kanpoko egitura, barrukoa, berriz, estalita aurkitu genituen haritzezko zutabeek eta igeltsuzko sabai faltsuz tapaturiko egurrezko forjatuek.
Eta ezkutuak eta denborak dakarten parentesi ilun eta heze horretan, zenbait elementu kaltetuz joan dira.

Obra lanetan, egoera onean zeuden jatorrizko piezak mantendu egin ditugu, kaltetuta zeudenak konpondu edo lekualdatu eta beharrezko soliba berriak gehitu.

Jatorrizko bi etxebizitzen barne banaketa berregin dugu.
Beheko solairuko etxebizitzan, altxaeretako argia etxe barruraino sartzeko, logelen eta igarobidearen artean trenkadak eraiki beharrean, bereizketa hori beirazko ate lerragarriekin gauzatu dugu. Etxebizitza honen sustatzailea ere arkitektoa da eta elkarlana oso aberasgarria izan da, imajinatzen duena gauzatzeko eta detaileak zaindu eta fintzeko gaitasun berezia baitu Matxalen Etxebarriak.

Lehenengo solairuko etxebizitzan egongelaren inguruan atondu ditugu erabilerak, egunekoak eta gauekoak bereiziz.
Solairu honetan ere, eraikinak berezkoak dituen ezaugarri eta berezitasunak azpimarratu nahi izan ditugu, leiho eta ateen harkantoi bereziak eta jatorrizko zutabe parea esaterako.

KOKAPENA
Munitibar Gerrikaitz, Bizkaia
DATA
2021
BURUTURIKO LANAK
Egitura eta barne banaketa