Itsasoari begira dagoen baserri hau asko zahartu eta gaixotu da hutsik, bakarrik utzi zutenetik. 

Sendatzeko egin beharreko lanak integralak izan dira, harrizko horma batzuk mantendu arren, egitura guztiz berreraiki behar izan baitugu.

Egitura berria ere harrizko hormez eta haritzezko zutabe, habe eta solibaz eraiki dugu. Berrerabilitako egurrezko pieza batzuk baserriarenak dira eta beste batzuk eraitsitako beste baserri batenak.

Historia ezberdina duten piezez osatu da, beraz, baserriaren hezurdura.

Barne banaketari dagokionez,  hiru solairuak elkartzen dituzten bi hutsune bertikal sortu ditugu: egongela gunea, bata, eta eskailera gunea, bestea.  

Eskailera guneari enparantza funtzioa eman nahi izan diogu; horretarako, itxitura hormak ageriko adreiluz eraiki ditugu, teilatuan leihoak zabaldu ditugu argia goitik beheraino sartu dadin eta inguruko gelei leihoak zabaldu dizkiegu, enparantzara begiratu dezaten. Bigarren ardatz bertikalaren jiran jangela, egongela, liburutegia eta igarobidea jarri ditugu.

ITXURBESAR
Ibarrangelu, Bizkaia
DATA
2007
BURUTURIKO LANAK
Obra integrala