ASTERRIKAKUA BASERRIA
Kanpotik ikusita ezin zen antzeman baserriak barnean sagar-dolarea osatzen zuten
bi pilare bikoitz zituela. Era berean, atalondora sartu arte ezin zen jakin jatorrizko
altxaera han barruan zegoela eta harlanduzko horma eta bi arkuko ataripea
zeuzkala.
Asterrikakua XVI mendeko dolare-baserria da, nahiz eta dolarearen elementu
gehienak ez diren gaurdaino iritsi. Zehazki zer urtetakoa den jakin ez arren, badakigu
1550 urtean Ondarroako parrokiko bataio liburuan baserri honetako seme baten
jaiotza jaso zutela.
Obra lanetan, baserri kontra eraikitako eranskinak kendu eta arkudun ataria bistaratu
dugu, barroko garaiko arkuak harro erakutsi ditzan. Barne banaketa egiterako orduan
dolarearen egitura agerian gelditzea eta pilareak bere osotasunean ikusi ahal izatea
lehenetsi dugu.
Etxebizitza programa baserriaren aurrealdean garatzen da, atzealdea eta ganbara
erabilera konkreturik gabeko gune diafano moduan utziz. Sarreran, teilaturainoko
altuera duen atalondoa eraiki eta bertan kokatu dugu eskailera, dolarearen pilare
bikoitzaren kontra.
Egongelak eta sukaldeak atalondora ematen dute eta beirazko itxitura dutenez,
teilatutik atalondora sartzen den argia bereganatzen dute; horretaz gain, atalondotik
kanporaino iritsi daitezkeen ardatz bisualak sortzen dituzte. Lehenengo solairuko
logelek ere atalondora irteera dute, bertan kokaturiko balkoi-igarobidearen bitartez.
ASTERRIKAKUA
Berriatua, Bizkaia
DATA
2006
BURUTURIKO LANAK
Obra integrala.