Lesarri behekoa baserriari buruzko lehen aipamen idatzia 1646. urtekoa da. Uste izatekoa da, beraz, lehenagokoa dela eraikitze-data.

Lehendabizikoz ikusi genuenean ez genuen antzeman zer altxor zeukan barruan baina sartu orduko errenazimendu garaiko haritzezko egitura zoragarria aurkitu genuen aurrez-aurre; zutoin, beso, zeharraga eta errezumaz osaturiko zuraje dotorea.

Urtetan zehar, unean uneko beharrei erantzunez, eranskin ezberdinak eraiki dituzte baserriaren kontra eta, bien arteko pasabideak sortzeko, altxaeretako hormatal batzuk eraitsi egin zituzten.

Obra lanetan eranskin guztiak kendu eta baserriaren jatorrizko oina berreskuratu dugu. Harrizko hormak garbitu eta birmoldatu egin ditugu eta eraitsita zeuden hormatalak egurrezko itxiturekin berreraiki ditugu, denboraren eta beharren ondorengo zauri horiek, oholez, agerian utziz.

Egurrezko egiturari historikoki eta arkitektonikoki daukan garrantzia eman nahi izan diogu, barne banaketa bere arabera diseinatuz, protagonismoa emanez eta, ahal zen neurrian, egitura bere osotasunean ikustea lehenetsiz. Baina, lehendabizi, arteztu eta indartu egin behar izan dugu zurajea, egoera txarrean zeuden egurrezko pieza konkretu batzuk ordezkatuz.

Gaur egun ohikoa ez den arren, Lesarri Behekoa baserrian ukuilu berria eraiki dugu beheko solairuan eta lastategia goikoan. Etxebizitza erabilera, berriz, jaiotetxea duten baserri honen aurrealdean garatu nahi izan dute etxejabeek, oroitzapenen eguteran.

LESARRI BEHEKOA
Bergara, Gipuzkoa
DATA
2016
BURUTURIKO LANAK
Obra integrala.